Literatoa
Asteasun, Gipuzkoan, jaio zen 1951n, eta bere benetako izena José Irazu Garmendia da. Ekonomia Zientzietan lizentziatu zen Bilboko Unibertsitatean, eta Filosofiako ikasketak egin zituen Bartzelonako Unibertsitate Zentralean (1981-1984). Zenbait lan izan zituen, harik eta 1980an literaturan baino ez zuela jardungo erabaki zuen arte.
Hirurogeita hamarreko hamarkadaren hasieran, lehen testuak argitaratu zituen Panpina Ustela literatura-aldizkarian. Geroxeago, Joseba Sarrionandia, Joxemari Iturralde, Manu Ertzila, Ruper Ordorika, Jon Juaristi eta beste idazle batzuekin, abangoardiako Pott literatura-taldea sortu zuen. Euskal literatura 72 antologian parte hartu ondoren, 1976an Ziutateaz eleberria argitaratu zuen; eta ondoren, Etiopia olerki-liburua (1978).
ARGITALPENAK 1988-2007:
BI ANAI (DOS HERMANOS) eleberri laburra 1985ean argitaratu zuen, eta 6 hizkuntzatara itzuli dute.
OBABAKOAK 1988an argitaratu zuen jatorriz, eta 23 hizkuntzatara itzuli dute. Euskadin, Kritika Saria eta Euskadi Saria irabazi zituen (1989); eta Estatu espainolean, Literatura Sari Nazionala. 1990ean, finalista izan zen Glasgowen emandako European Literary Awarden, eta, 1992an, "Millepages" saria eman zioten Parisen. Montxo Armendarizen OBABA filma (2005) Atxagaren liburuan azaldutako zenbait narraziotan dago oinarrituta.
GIZONA BERE BAKARDADEAN (EL HOMBRE SOLO) eleberria 1993an argitaratu zuen, eta 17 hizkuntzatara itzuli dute.
ZERU HORIEK (ESOS CIELOS) 1995ean argitaratu zuen, eta 11 hizkuntzatara itzuli dute. Ahizpea Goenaga aktore eta zinegilea eleberri horretan oinarritu zen, ZERU HORIEK filma egiteko (2006).
SOINUJOLEAREN SEMEA (EL HIJO DEL ACORDEONISTA) eleberria 2003an argitaratu zuen, eta 11 hizkuntzatara itzuli dute.
Il LIBRO DI MIO FRATELLO (italierako bertsioaren izenburua) eleberriak 2008ko Mondello Saria jaso du, bai eta 2008ko Grinzane Cavour Azken Saria ere. Biak “Italiako urteko liburu atzerritar onenaren” sariak izan dira.
BEHI EUSKALDUN BATEN MEMORIAK (MEMORIAS DE UNA VACA VASCA) eleberri laburra 1991n argitaratu zuen, eta irakurle gazteentzakoa da, batez ere. 9 hizkuntzatara itzuli dute. Liburu hau IBBYko ohorezko zerrendan sartu zuten 1994. urtean. Bremen Irratiak alemanez egindako CDko bertsioa ere badago.
OLERKARITZA. HENRY BENGOA, INVENTARIUM (1996).
ETIOPIA (1983an, berrargitalpen osoak egin zituen; eta 2000n, zatikakoak).
POEMAS & HÍBRIDOS (1990; 1997) aurreko bi liburuen gaztelaniako itzulpena eta egokitzapena da. Katalanera, frantsesera, italierara (2003ko Cesare Pavese Saria) eta finlandierara itzuli dute.
NUEVA ETIOPIA (1996). Testuak eta CDa argitaratu zituen, eta, bertan, argitaratutako olerkietan oinarrituta sortutako abestiak azaltzen dira. Besteak beste, Ruper Ordorika, Itoiz, Xabier Muguruza, Gari zein Tapia eta Leturia abeslariek parte hartu zuten.
Egunkari, aldizkari eta antologietarako testuak idatzi ditu: El País, El Mundo, The Guardian, The New York Times, Berria eta beste batzuk. Olerkiak edo testu laburrak argitaratu ditu nazioarteko hainbat aldizkaritan. Bere testu batzuk zenbait antologiatan azaltzen dira. Hona hemen 2008ko berrienak: New European Voices (AEB), The poetry of Recover. After shocks (AEB) eta Rosso Primo (Italia).
2006an, euskaltzain izendatu zuten.
Atxaga euskaraz idazten duen autore itzuliena eta sarituena da.
© Jakiunde. Miramar Jauregia Miraconcha 48, Donostia-San Sebastián, Gipuzkoa - Spain | (+34) 943 225 773