Sopranoa
Nazioarteko abeslaririk errespetatuenetako bat da Maria Bayo, eta hasi zenetik, ahots-erregistro handia eskaini eta albait interpretazio-zorroztasunik handienez antzezten du pertsonaien psikologia. Hainbat opera-rol izan ditu, Barrokotik XX. mendera artekoak. Bereziki gustukoak izan ditu Mozart, Rossini eta Frantziako eskola, baina batez ere, ahaztutako opera eta zarzueletako orri argitaragabeak berreskuratzeko eta grabatzeko ardura hartu du, bere diskografia zabalak erakusten duenez.
Nazioarteko hainbat sari jaso ondoren —besteak beste Belvedère Nazioarteko Lehiaketako lehen saria, Vienan—, Maria Bayok Pisa, Saint Gallen eta Lucerna hirietan egin zuen debuta, Les Pêcheurs de Perles, Lucia di Lammermoor eta La Sonámbula obretan, hurrenez hurren. Geroago, oihartzun handiko arrakasta lortu zuen Madrilen eta Parisen, Le Nozze di Figaro obrako Susannarena eginez. Kritikariek laster nabarmendu zituzten Mariaren karisma distiratsua, haren tinbrearen indarra eta argitasuna, haren ahoskera garbia, eta agertokian aritzeko zituen gaitasunak.
Geroztik, munduko opera-antzokirik garrantzitsuenek aldian-aldian gonbidatzen dute. Hona hemen: Milango Scala, Berlingo Staatsoper, Hanburgo, Munich, Dresden, La Monnaie, Covent Garden, Buenos Airesko Colón antzokia, New Yorkeko Metropolitan, Salzburg-eko jaialdiak, etab. Antzoki eta jaialdi horietan, pertsonaia asko antzeztu ditu, hainbat konpositoreren operetakoak. Konpositoreak Rossini, Donizetti, Bellini, Puccini, Cavalli, Offenbach, Debussy, Bizet eta Gounod izan dira, baina guztien gainetik, Mozart: Susanna, Cherubino eta Contessa izan da Le Nozze di Figaro operan; Ilia izan da Idomeneo obran; Zerlina eta Donna Anna Don Giovanni operan; eta Despina eta Fiordiligi Così fan Tutte operan.
Halaber, bereziki hartu du aintzat errepertorio lideristikoa eta oratoriala, bai errezitaldietan bai kontzertuetan, munduko aretorik ospetsuenetan.
Alfredo Kraus, Placido Domingo eta Teresa Berganzarekin, espainiar errepertorioko hainbat obra abestu eta grabatu ditu; izan ere, Espainiako musikaren enbaxadorerik gailenetakoa da, bere diskografia zabalak erakusten duenez.
Maria Bayok hainbat sari jaso ditu; besteak beste, 2002an, Príncipe de Viana saria, kulturaren arloko saririk ospetsuena, Nafarroako Foru Komunitateak emana, Filipe Borboikoa printzearen eskutik.
© Jakiunde. Miramar Jauregia Miraconcha 48, Donostia-San Sebastián, Gipuzkoa - Spain | (+34) 943 225 773