Jakitunak

Douglass, William A.

Antropologoa

William Anthony Douglass Renon (Nevada) jaio zen, 1939an. Ikasketak honako unibertsitate hauetan burutu zituen: Nevadako Unibertsitatean (Reno), Konplutentsean, Osloko Unibertsitatean, Kaliforniako Unibertsitatean (Berkeley) eta Chicagoko Unibertsitatean. 1967an, gizarte-antropologian doktoratu zen Chicagoko Unibertsitatean, eta urte berean, Nevadako unibertsitate-sistemako Desert Research Instituteko Euskal Ikasketen Programa bultzatzeko eta koordinatzeko ardura bereganatu zuen. Ondoren, Douglass Nevadako Unibertsitatera (Reno) abiatu zen, eta programako zuzendaria izan zen 33 urtez, 2000. urtean erretiroa hartu arte.

Douglassek hainbat urtetako landa-lana egin du Euskal Herrian, 1963tik hasita, batez ere Etxalarren (Nafarroa) eta Aulestian (Bizkaia). Orobat, Amerikako mendebaldean, Latinoamerikako zenbait herrialdetan eta Australian izandako euskaldunen presentzia ikertu zuen. Horrez gain, ikerketa antropologikoak egin ditu Italiako hegoaldean, eta landu dituen ikergaien artean identitatea eta terrorismoa daude. Hainbat argitalpenen egile da. Horien artean, liburu hauek aipa daitezke: Death in Murelaga: the social significance of funerary ritual in a Spanish Basque village (1969), Echalar and Murelaga: opportunity and rural depopulation in two Spanish Basque villages (1973), Amerikanuak: the Basques of the New World (Jon Bilbaorekin) (1975), Beltran: Basque sheepman of the American West (Beltran Parisekin) (1979), Emigration in a south Italian hill town: an anthropological history (1984), Basque sheepherders of the American West (Richard H. Lanerekin) (1985), From Italy to Ingham: Italians in North Queensland (1995), Terror and taboo: the follies, fables and faces of terrorism (Joseba Zulaikarekin) (1996), Azucar amargo: vida y fortuna de los cortadores de caña italianos y vascos en la Australia tropical (1996), eta La vasconia global: ensayos sobre las diasporas vascas (2004).

1984an, Euskal Herriko Unibertsitateak honoris causa doktore izendatu zuen William Douglass. Ondoren, Euskaltzaindian sartu zen, eta 1999an, Eusko Jaurlaritzak Lagun Onari eskainitako saria eman zion, euskal herriaren eta kulturaren alde egindako ahaleginen onespenez. Gaur egun, Nevadako Unibertsitateko (Reno) Euskal Ikasketen zentroko irakasle emeritua da.


Itzuli

Eusko Ikaskuntza © Jakiunde. Miramar Jauregia Miraconcha 48, Guipúzcoa - Spain | (+34) 943 310 855
Lege oharra | Mapa web | jakiunde@eusko-ikaskuntza.org