Jakiunde, Zientzia, Arte eta Letren Akademia 2007ko urriaren 25ean eratu zen Donostian Eusko Ikaskuntzaren ekimenaren eraginez; izan ere, euskal hizkuntza eta kulturak finkatuta dauden lurraldean kokatutako Unibertsitate guztien laguntzaz Zientzia, Arte eta Letren Akademia bat sor zedin sustatzea erabaki zuen.
Jakiunde, maila goreneko erakunde aholkulari gisa, gizartearentzat erreferentziazko foroa izateko helburuz sortu zen. Asmoa da ereduzko erakundea izatea, osaeran nahiz jardueran; gidaria izatea, zorroztasun zientifikoarengatik eta ezagutzarengatik eta ekintzekin eta aholkuekin gaur egungo arazoetarako egokiak diren irtenbideak aurkitzen laguntzea.
Jakiundeko gaur egungo lehendakaria Jesus M. Ugalde kimikari fisikaria da, eta jendartean zientzia hutsen eta aplikatuen zenbait arlotan, arte-sorkuntzan eta pentsamendu kritikoan ospetsuak diren hainbat pertsona ere elkartu dira Akademian. Haien xedea da elkarrekin lan egitea, etorkizuneko erronka handi eta berrien aurrean duten pertzepzio kualifikatua gizarteari eskaintzeko. Horrela, Ikerkuntzako Euskadi saridunak, Principe de Viana saridunak eta Eusko Ikaskuntza saridunak daude Jakiundeko kideen artean, hau da, Literatura, Zuzenbidea, Historia, Antropologia, Zientzia, Zinema, Musika edo Arkitekturaren alorretako espezialista ospetsuak
Helburua da kide horiek guztiek elkarrekin hausnartu eta iritziak ematea, zientzia-, literatura- eta arte-komunitatearen eta, oro har, gizartearen erronka handi eta berriei buruz; horrela, informazioaren ezagutzaren mailarik handiena bermatuko da.
Europako Akademien eredu aurreratuenetan oinarriturik, Jakiundek zeregin hauek hartuko ditu bere gain: garrantzi handiko gaien inguruan ikertu eta azterlanak, txostenak eta irizpenak egitea; kulturaren alorreko proiektuetan parte hartzea eta zientzia-komunitatearen barruko zein estatuko eta nazioarteko foro akademikoetako eztabaidetan parte hartzea; ikastaroak, kongresuak, erakusketak, lehiaketak, hitzaldiak eta gai interesgarriei buruzko bestelako bilera zientifiko eta artistikoak sustatzea eta antolatzea; eskatzen zaizkien proiektuen eduki zientifiko eta artistikoa finkatzea eta gainbegiratzea, lanen eta txostenen kalitatea ebaluatzea eta Zientzietan, Arteetan eta Letretan ezagutza heda dezaten sustatzea.
Estatutuen arabera, Jakiundeko osoko kideak urtean hiru aldiz elkartuko dira osoko bilkuretan, batzorde espezializatuek urtean zehar egindako lana berresteko xedez. Akademikoek berek osatuko dituzte batzordeak eta, hala erabakiz gero, dagozkien alorretako adituen laguntza izango dute.
© Jakiunde. Miramar Jauregia Miraconcha 48, Donostia-San Sebastián, Gipuzkoa - Spain | (+34) 943 225 773