Topaketak Jakiunderen ekimena da, eta bertako akademikoen eta irakaskuntza ertaineko azken urteetako ikasleen eta unibertsitateko lehen urteetakoen arteko elkarrizketa irekia da. Ekimen dinamikoa da, gazteen jakin-minak bultzatua. Izan ere, gazteek zalantzak mahai gainean jartzeko, galderak eta iruzkinak egiteko eta akademikoekin edozein gairi buruz solasean aritzeko aukera izango dute. Akademikoek beren esperientzien berri emango diete ikasleei, beren bizipenetatik, ibilbide profesionaletatik eta irakasgaietatik abiatuta. Dudarik gabe, harreman zuzena atsegina izango da ikasleentzat eta haien gaitasunak osorik garatzen lagunduko du.
Diziplina arteko akademia garen aldetik, gazteen artean jakintzarekiko maitasuna eta zaletasuna, norberaren argudioak argi aurkeztea eta besteen argudioak entzuteko eta ulertzeko gogoa sustatzea da gure asmoa. Jakiunderen xedearen haritik dator ekimen hau; «Zientziak, Arteak eta Letrak sustatzea» da helburua.
© Jakiunde. Miramar Jauregia Miraconcha 48, Donostia-San Sebastián, Gipuzkoa - Spain | (+34) 943 225 773